Disfuntzio fisikoen eta burukoen inguruko sentsibilizazioa
lantzeko materiala
TOBERA Musika-eskolako ikasleek Música Sin Barreras erakundearekin elkartrukea egin zutenean, har moduko bat 'piztu' zitzaigun guztioi barru-barruan, pertsonak -guztiok- pertsona garela -inolako beste etiketa osagarriren premiarik gabe- inoiz baino ageriago aldarrikatzera eraman gintuena. Aipatu erakunde horri buruzko informazioa hemen kontsulta dezakezue (beheragoko erreferentzietan argibide gehiago dituzue):
http://asociacionjuvenilmusicasinbarreras.blogspot.com.es/
Urte asko dira TOBERA Musika-eskolak Elkartruke-zikloa hasi zuenetik inguruko musika-eskolak ezagutzeko eta beraiekiko harremana estutzeko. Musika-eskola bana ezagutu izan du urtero denbora-tarte honetan, eta, eskolaren 25. urteurrenean, aparteko izaeraz, Goierriko musika-eskolen arteko lehenengo topaketa egin zuen gainera. Hala, orain arte, Beasaingo Loinatz Musika-eskola, Ordiziako Musika-eskola, Ormaiztegiko Txindata Musika-eskola, Lazkaoko eta Ataungo Lazkao Txiki Musika-eskola, Tolosaldeko Loatzo Musika-eskola, Tolosako Eduardo Mokoroa Musika-eskola, Zumarragako eta Urretxuko Secundino Esnaola Musika-eskola, Orioko Danbolin Musika-eskola, Usurbilgo Zumarte Musika-eskola, Urnietako Lurdes Iriondo Musika-eskola, Astigarragako Norberto Almandoz Musika-eskola, Altsasuko Udal Musika-eskola, Lasarte Oriako Udal Musika-eskola eta Asparrengo Musika-eskola bisitatu ditu TOBERAk. 2000/2001 ikasturtean ekin zion egitasmoari.
Música Sin Barreras elkarteak, ordea, trukeotan oro har eman ez diren baldintzez eta ezaugarriez jabe arazi gintuen, eta, hori dela eta, aurre-lanketa egin nahi izan zuen TOBERAk 2016ko esperientzia ordura arteko elkartruke-saioak bezain aberasgarria izan zedin gure ikasleentzat, eta, gainera, gure ingurune hurbilean uneotan ezohikoa den Down sindromedunekiko ezagutza, begirunea, identifikazioa eta aitortza izan zitzan balio erantsi modura urte hartan egindako elkartrukeak, balore musikalez gain.
Apirileko azkeneko bi asteetan Musikaren Hamabostaldia egin zuen TOBERA Musika-eskolak, 2016an. Hor kokatu zen Música Sin Barreras elkartearekiko elkartrukea. Apirilaren 20an, asteazkena, kontzertu ireki arrakastatsua eta jendetsua eman zuten Zegamako Aitxuri Herri-eskolako gimnasioan elkarte horretako lagunek, arratsaldeko 19:00etan hasita (TOBERAko ikasleek ere harrera egin zieten, hasieran hiru pieza eskainita). Apirilaren 27an, berriz, TOBERAko ikasleak izan ziren Iruñeko Gazteriaren Etxean elkartruke-kontzertua eskaini zutenak, arratsaldeko 18:30ean.
Esandako guztiagatik, TOBERA Musika-eskolako ikasleak, emanaldi horiei begira, jabekuntza- eta sentsibilizazio-tailer batzuetan prestatu nahi izan genituen. Apirilaren 4ko astean, Atzegi elkarteko teknikarien eskutik, TOBERAko ikasleek tailer bana jaso zuten Zegaman eta Seguran (5ean Zegaman eta 7an Seguran, arratsaldeko 17:00etan). Hori guztia biribiltzeko, aproposa izan zen, bakoitzaren aukeren baitan, gai bera lantzea TOBERA komunitatea osatzen dugunok. Horrek koherentzia eta osotasuna eman zizkioten prozesuari, eta are eta eragingarriagoa egin zuten ekimena gure ikasleentzat (inklusioaren baloreak lantzeko, parekidetasuna, aniztasuna, e.a.). Herri-ikastetxeetan eta TOBERAko eskoletan hala egin zen. Katea eten beharrik ez dago, ordea; kolektibo horrek gu guztion laguntzaren premia izaten jarraitzen du, eta musikak asko egin dezake beren alde.
Ekimena indartzen interesatuta zaudetenoi lan hori errazteko, zenbait material duzue hemen jarraian zuen esku. Interneten-eta esan gabe doa euskarri dezente topa litezkeela gainera*, baina gu gomendatu dizkiguten erreferentziak biltzera mugatu gara. Hortxe beraz:
Música Sin Barreras erakundea:
Propio didaktikoa den materialik ez daukate, baina talde honetan parte hartzen duten neska-mutikoen lanaren bitartez ikus liteke argien nolakoa den pertsona hauen egunerokotasuna eta errealitatea. Hementxe adibide edo eredu batzuk:
Desgaitasun intelektuala duen pertsona batek bideo honetan kontatzen du musikari esker zein izan den eta nolakoa izan den bere superazio-esperientzia [klikatu izenburuetan]:
(Te regalo mi música (documental MSB) (2013))
Eguberritako abestiekin disko bat grabatu zuten talde honetakoek (desgaitasun intelektuala duten partaideekin), eta bertan ikus liteke horren guztiaren prozesua:
(Making off disco de villancicos (2014))
Ekintzen laburpena:
(Resumen actividades 14-15 (2015)
(Resumen actividades 13-14 (2014))
Gureak Taldeak abian duen egitasmoa:
Desgaitasuna duten pertsonen lanerako gaitasunekin (gaitasun profesionalekin) dago erabat lotuta programa hau.
Webgune horretan bertan ikasleek dibertsitatea onartzeko eta baloratzeko hainbat tresna erabilgarri topatuko dituzue: gidoi pedagogikoa dago (urrats batzuk edo ibilbide posible bat azaltzen duena), ipuinak daude, sentsibilizazio-materiala (kartelak, galdera-proposamenak…), bideo laburrak, e.a.
Atzegi:
Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako gidaliburuak daude PDFn. Marko teorikoa eta kontzeptuen definizioak daude, beste askoren artean, ikasleen artean mahai-inguruak eta antzeko talde-dinamikak antolatu eta bideratu ahal izateko. Konplexutasun-maila askotako jarduerak ere badatoz gida-liburu horietan; egiten erraz-errazak izan daitezkeenak ere badira tartean (bere horretan edo egokituta).
(*) Musikarekin lotutako adibide gutxi batzuk baino ez dira segidan zerrendatutakoak:
- Bideoklip pare bat: http://www.sindromedown.net/noticia/franco-de-vita-recupera-su-cancion-y...
http://elblogdeanna.es/1396/tal-como-eres-sindrome-down-canto-loco
- Motxila 21 taldearen bideoak ilustratiboak izan litezke (http://motxila21.blogspot.com.es/).
- Superazio eta onarpen istorio modura balio dezake beste honek ere (arrakasta, jendearen babesa…) (zenbait bideo daude orrialde horretan bertan):
http://cultura.elpais.com/cultura/2015/03/02/television/1425303243_46687...
- …