Hasiera

Musika-baliabideak

TOBERA Musika-eskolako irakasleak zure esku jartzen dituen baliabide ugariez gain, badira paperean zein sarean hamaika tresna musikaren ezagutzan eta praktikan bidaide bikainak gertatuko zaizkizunak. Zuk deskubritu zain daude horiek guztiak. Zoaz liburutegira, arakatu interneten, lardaskatu inguruan, eta ziur ezusteko gustagarri bat baino gehiago jasoko duzula. Egun, inoiz baino errazagoa da material osagarritara iristea. Hori bai, ez ahaztu musika-eskolako zure irakaslea duzula gidari musikazaletze-prozesuan, eta haren profesionaltasuna eta eskarmentua dituzula bermerik eragingarriena bidean tinko aurrera egiteko. Berak ezagutzen zaitu ondoen musika-kontutan, eta hari kasu egitea duzu beti apusturik seguruena. Kalterik ez dizu egingo, ordea, adibide eta amu modura, hona ekarritako segidako proposamenetan murgiltzeak (izenburuetan klikatu).

 

DoReMi Musika Bizi: webgune honetan ekintza ugari duzu eskuragarri, mailaka banatuta, hiru arlo lantzeko: entzumena, musika-hizkuntza eta musika-kultura. Entzunda eta ikusita, musikan sakondu nahi baduzu, ez zaizu aspertzeko betarik geratuko web honekin! Goi-mailako ariketak txukun egitera iritsiko ote zara?

Ikasmus: mailaka eta musika-estiloka daude antolatuta orri honetan edukiak eta jarduerak. Partiturak, instrumentuei buruzko txostenak, e.a. ere badituzu.

Musika ikasi eta egin, Sama Musika eta Musi Musika: hainbat baliabideren biltegiak dira hauek, musika-ipuinetatik munduko dantzen bideoetara (eduki guztiak ez daude euskaraz).

Badok - Euskal Musikaren Ataria: Euskal diskografiaren bilduma zoragarria da 2014an berritutako atari honek guztion esku jartzen duena.

Euskal kantuak: zerrenda oparoa duzu bertan, alfabetikoki ordenatuta eta partitura eta guzti.

Musika-hizkuntza: telebistako lehiaketa batean zabiltzala irudituko zaizu joko honekin. Bakarka beharrean, taldean aritzeko modua baduzu, askoz dibertigarriagoa izango da! Joko-arauak zeuek zehaztu eta ea nork pilatzen duen puntu gehien!

Musika-notak: musika-notak ikasteko eta praktikatzeko bi jokorekin treba zaitezke hemen. Zein nota da? eta Idatzi notaren izena dira jokoen izenak. Ezagutzaz gain, abiadurak ere garrantzia du!

Musika-tresnak: entzumena lantzeko balioko dizu joko honek. Ongi pasatuko duzu... baina... uste duzun adina jakingo al duzu?

Orkestra: musika-formazio erraldoi honek agerian utziko dizkizu bere sekretu guztiak aplikazio honetan.

Harizko Musika-tresnak: irudiekin eta ikus-entzunezkoekin errazagoa izango zaizu harizko musika-tresnak desberdintzea. Baietz!

Euskal Herriko musika-tresnak: ugariak dira bertako instrumentuak, baina... gai izango al zinateke horiek bereizteko eta izendatzeko? Joko honekin hori egiaztatu ahal izango duzu (izendapenak nahasgarri xamar dauden arren) eta, gainera, 10 onenen artean sartu ahal izango zara inskribatuz gero.

Musika klasikoaren bilakaera: Historiaurrea, Antzin Aroa, Erdi Aroa, Berpizkundea, Barrokoa, Klasizismoa, Erromantizismoa, XX. Mendea eta Musika Garaikidea ez dira garai isolatuak, osotasun bateko zati baizik. Bakoitzak ekarpen propioa egin zion Musikaren Historiari, eta, gune honetan, laburtuta izan ahalko duzu guztien berri. Ti-ta irakurriko duzu eta harrituta utzi ahal izango dituzu gero ingurukoak ikasitakoarekin!

Musikari klasikoak: Bob Marley, Rolling Stones, Lady Gaga, Ken7 edo Miley Cyrusen aurretik, musikaren historian urrezko hizkiz idatzi beharreko musikariak egon izan dira. Gaur egun musika ulertzeko eta izateko era zor diegu beraiei. Funtsezkoa duzu beren lana ezagutzea. Hain da aberatsa, agian kosta egingo zaizula hasieran! baina hori da gozamena gero...!

Karaokea eta Kantutegia: behin baino gehiagotan esan duzu abeslari-plantak dituzula, baina hori erakusteko unea iritsi da. Ispiluaren aurrean egitetik, jendaurrean egitera jauzi egiten laguntzeko, abesti-sorta ederra topatuko duzu hemen. Aukeratu zure estiloa, eman zure ukitua interpretazioari, eta ekin!

Musika-hiztegia: ba al dakizu, euskaraz, zuzen, nola esan behar zaion gitarra jotzen duen musikariari, gitarjole ala gitarra-jotzaile? eta harpa h-z ala arpa h-rik gabe idatzi behar ote den? eta nola esaten zaion sostenidoari? Zuzen hitz egiteko, zuzen hitz egiten jakin beharra dago aurrena, eta, hori, ikasi egiten da zorionez. Hiztegi honetan (musikaz den osatuen eta eguneratuenean) topatuko dituzu aurreko galderen erantzunak eta beste asko. Seguru baduzula zer ikasia. Eta zer hobetua. TOBERA Musika-eskolako irakasleari irakatsi gero ;-)

...

 

Goiko hau lagin bat baino ez duzu. Edukiotara dohainik sartzen uzten diguten egileen ahalegina eskertu besterik ez zaigu geratzen. Dena ez da musutruk izango, ordea! Esploratzaile ona bazara, laster harrapatuko dituzu zure neurriko tresna askoz gehiago. Esate baterako, musika-tresna jakinen partitura-errepertorioak erraz eta azkar asko eskuratuko dituzu interneteko bilatzailearekin. Galdetu TOBERAn eta lagunduko dizugu.