Hasiera

Historia


Musika, zuk bezala, maite dugulako.

Musika, zuk bezala maite dugulako.

 

Aurreko mendeko laurogeigarren hamarkadan hasita, ttirriki-ttarraka, bidea egiten dihardu TOBERA Musika-eskolak. Batzuetan diskretuago, besteetan agerikoago. Zeregin batzuetan sukaldean isilik, besteetan erakusleihoan guztien begiradapean. Lagun-multzo bat txalorik gabeko jardunean, beste bat errekonozimenduaren argitan. Baina beti, denok, bidea egiteko asmotan lanean. Ttirriki-ttarraka, aurrekoen ahaleginari eta etorriko direnenari esku banarekin helduta kalejiran, dantzan, ekinean. Eta ia oharkabean agian, helburua betez goazen kanala gara. Kasu! bidea egin baino, bidea egiten ari baino, bidea geu garela jabetu behar baitugu.

 

 Kultura-etxe berria, z.g. - 20214 Segura –  676 824002

 Kultura-etxea - 20214 Zerain

 Tfno.-zkia.: 943 801570 – tobera@tobera.org

Aurreko mendeko laurogeigarren hamarkadan bilatu behar dugu ikastegiaren erroak aurkitzeko. Inguruan ez bezalako kezka deskubrituko dugu musika-irakaskuntza egituratu eta antolatu batekiko Aizkorpe haraneko herrixketan, gaur egun arrunta dirudien fenomeno bati hainbat urteko aurrerapena hartuz.

 

Atzera egin eta oraingo talaiatik perspektiba hartuta, Goierriren bihotzean izaera propioa duen Aizkorpe haranean kokatuko gara, eta, bertan, hasteko, Zegaman.

 

Aspaldikoa da Zegamaren eta zegamarren musikarekiko lotura eta zaletasuna. Zegamako Musika-bandaren zuzendari izandakoak solfeoa –edo, egun, musika-hizkuntza deitzen duguna– eta txistua irakastearen ardura berrartu zuen 70eko hamarkadan. Hogei lagun inguruko txistulari gaztetxoen taldea ere sortu eta dinamizatu zuen berak. Era berean, 80ko hamarkadan, bigarren herritar bat batu zitzaion ahaleginari, eta honek solfeoa irakasteari ekin zion.

 

1984. urteak aldaketak ekarri zituen, urte horretan herriko udal Kultura-etxea inauguratu eta Kultura-etxeko Batzordea eratu baitzen.

 

1985/1986 ikasturtean egokitzapenak egin behar izan ziren txistuaren irakaskuntzaren eta txistu-taldearen arduran, aurrekoak utzi beharra izan eta beste herritar batek hartuta.

 

Une horretan, musikaren irakaskuntzan ziharduten bi herritar hauek, Udalarekin batera, aipatu Kultura-etxeko Batzordearen barnean, herrian musika-irakaskuntza osoagoa eta legeztatua izango zena antolatzeko beharra eta aukera ikusi zuten. TOBERA Musika-eskola izango zenaren hazia erein zuten.

 

1985 eta 1986 urteetan zehar hainbat instituzio eta musika-ikastegirekin harremanak izan ziren gure musika-eskolarako antolaketa-eredurik egokiena baloratu eta garatzeko.

 

Gurasoen eta herritarren partaidetzari eman izan zaion garrantzia handia izan da beti TOBERAn, sorreratik bertatik; hori ahalbidetzeko, inguruan ohikoak ez diren lan-prozedurak erabilita maiz. Estreinako matrikulazioak erakutsi zuen jendearen erantzun ona, eta babes horrekin hasi zuen ibilbidea TOBERA Musika-eskolak, orduan artean Zegamako Musika-eskola zelarik. 1987/1988 ikasturtea zen.

 

TOBERA Musika-eskolaren zazpigarren ikasturteak herri-maila gainditu eta, Zegamatik, Zeraingo herri mugakidera zabaltzea ekarri zuen. 1993/1994 ikasturtean izan zen hori, eta Zerainen orduan oso aberatsa zen kultura-dinamika izan zuen kabi musika-eskolaren abiatzeak bertan.

 

Zerainera zabaldu eta 3 urtera, 1996/1997 ikasturtean, Segurara iritsi ziren TOBERAren lan fina eta esperientzia. Tartean, Mutiloako neska-mutikoek ere sarbidea izan zuten musika-eskolan; hala, TOBERAren eragin-esparruaren mugek hedatze nabarmena izan zuten eskola sortu eta 10 urteko epean.

 

Kasu guztietan, herritarren eta udal-agintarien aupada eta babesa ezinbestekoak izan zaizkio musika-eskolari bere lana hasteko.

 

TOBERAren proiektuan sartzeko gonbita 1994. urtean iritsi zitzaien segurarrei; 2 urte luzeko gogoeta eragin zien proposamenak.

 

Zegaman bezalaxe, 70. hamarkadaren bukaeran, Segurako kultura-bizitzak loraldia izan zuen: udalak lagundutako txistu-bandaren osagarri, umeen txistulari-taldea eratu zen garai hartan, eta pintura, dantza, akordeoia eta gisako gaiak jorratu eta lantzeko aukerak sortu ziren. Musika-arloari gagozkiolarik, parrokiako koruak ere bide luzea zuen egina ordurako. Haatik, benetako jauzia ez zen eman TOBERA Musika-eskola herrian hasi arte. Horrela, Seguran eskola indartsua nahi zen aldetik, herrian bertan ahalik eta irakasgai gehienak emateko konpromisopean hasi zuen ibilbidea TOBERAk 1996an, txistuak eskolatik kanpo bere bidea segitzen utziz. Azken ezaugarri hau, ordea, 2011/2012 ikasturtean aldatu zen. Izan ere, ikasturte hartan, TOBERA Musika-eskolaren eskaintzan integratu zen txistuaren irakaskuntza Seguran ere. Halaber, musika-eskolako txistu-taldearen eta txistu-ikasleen, eta herriko txistulari-bandaren arteko zubigintza-lanak egiten dihardu geroztik TOBERAk Seguran, Zegaman egiten duen eran.

 

 

Urteen joan-etorrian asko aldatu dira gauzak 1987/1988ko lehenengo ikasturtetik. Herri bakoitzean musika-eskola hasi zeneko egoera egungoarekin alderatuta, bistakoak dira aldeak, bai azpiegitura-aldetik, bai antolaketan edo emaitzen proiekzioan. Eta hori herrien arteko indar-metaketak ahalbidetu du neurri handian. Izan ere, orain ez bezala, bere garaian ez zen ohikoa herriek zerbitzu jakinerako egitura konpartituak izatea. TOBERA Musika-eskola, musika-irakaskuntzaren esparruan Aizkorpe haranean egindako lan komunagatik, aitzindari da ildo horretan. Nola herritarrek, hala udal korporazioek, unean-unean ulertu dute estrategia partekatuaren premia.

 

Zegamak, Segurak, Zerainek eta Mutiloak, 63,27 km²ko azaleran, 3500 biztanleko populazioa batzen dute. Ezbairik gabe, herri bakoitzak bere aldetik jardunda, ezinezkoa izango zen eskaintza zabaleko musika-eskola den TOBERAri eustea. Horregatik, herrien proiektu bateratu izateak egiten du TOBERA Musika-eskola indartsuago eta osoago, jatorrizko baloreei muzin egin gabe: gertutasuna, profesionaltasuna, partaidetza eta dinamikotasuna. Horiek TOBERA Musika-eskolaren kalitatea ezaugarritzen duten faktoreak badira ere, eskolak, era berean, ekitatea, elkartasuna eta aukera-berdintasuna bermatzeko ahalegina egiten du langile eta erabiltzaileen artean.