Musika-hizkuntzako lehenengo nibeleko helburu espezifikoak (3 maila):
Ahotsaren erabilera egoki eta naturala lortzea, bakarka zein taldean abesten ohituz.
Abestien pultsua ulertzea eta perkusiozko musika-tresna desberdinekin eramatea.
Erritmoak mugimenduarekin barneratzea.
Musika entzuteko ohitura bereganatzea.
Musika-tresnak desberdintzea. Izenak eta nola jotzen diren ezagutzea. Perkusiozko musika-tresnak askotariko eratan jotzen direla ulertzea eta bakoitza desberdintzea.
Soinuen abiadura eta ezaugarriak bereiztea.
Isilunea musika bezain garrantzitsua dela jabetzea.
Nibel honen barruko maila bakoitzari dagozkion partiturak zuzentasunez interpretatzea.
Helburuok jolasaren bitartez lantzen dira neurri handian: esate baterako, erritmoa ikasteko, gorputz-perkusioa jorratuz; instrumentuak ezagutzeko, puzzleak osatuz (pianoa, tronpeta, biolina, txirula, harpa, tinbala, kontrabaxua, klarinetea, saxofoia…); soinu eta nota-irudiekin trebatzeko, koloretako eranskailuak edota kartak erabiliz (eskalako notak eta nota-irudiak: zuria, beltza, beltzaren isilunea, kortxea…), e.a. Programazioak alde artistikoan ere jartzen du azpimarra, teoriatik harago: musikarekiko sentikortasuna, kontzentrazioa…
Musika-hizkuntzako 2. nibeleko helburu espezifikoak (5 maila):
Taldeka zein bakarka abesterakoan jarrera egokia izatea. Maila bakoitzari dagozkion partiturak egoki interpretatzea, teknikoki zein estilistikoki.
Abesti desberdinen pultsazioa eta erritmoa jarraitzeko gaitasuna lortzea. Pultsuaren nozioa menderatzea eta perkusiozko musika-tresnekin eramateko gai izatea, ondoren norberak aukeratutako musika-tresna jotzerakoan lagungarri izateko.
Entzumena zorrozteko eta belarri ona garatzeko teknikak baliatzea: jotako soinuak eta nota-irudiak bereiztea, pentagraman idaztea eta erreproduzitzea. Eskalak, aldakariak edo alterazioak, ikurrak, bitarteak edo interbaloak, konpasak, graduak, akordeak eta arpegioak, transposizioa, agogika eta dinamika, azentuazioa, tonalitateak eta modalitateak, artikulazioa, ñabardurak…
Musika-tresna ugari identifikatu eta bakoitza nola jotzen den ezagutzeaz gain, horiek familiatan sailkatzen jakitea.
Musikagileak eta beraien lana ezagutzea. Ipuin musikalen eta bestelakoen entzunaldien bidez, musika klasikoa ere entzuteko ohitura hartzea.