Hasiera

Instrumentuak bertatik bertara ezagutarazteko saioak egiten ari gara

Garrantzitsua da musikako ikasleek ongi ezagutzea TOBERAn eskaintzen ditugun musika-tresnak. Ezagutza zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago eta hobeto apreziatuko dituzte tresna bakoitzaren ezaugarriak. Ezagutza hori bereziki garrantzitsua da hurrengo ikasturterako musika-instrumentua aukeratzea dagokien ikasleek izatea. Izan ere, maiatzaren 19a baino lehenago, TOBERAn 24/25 ikasturterako izen-ematea egin beharko dute ikasleek, eta zer ikasi hautatu beharko dute hor.

Ikasten ari direnaz gain, badira ikasleak bigarren musika-tresna bat ikasten hasten direnak ere, edo baita hirugarren instrumentu bat ere. Horientzat ere, erabakia ongi bidera dezaten, garrantzitsua da eskuragarri duten eskaintzaren berri ahalik eta modurik gertukoenean eta zehatzenean jasotzea.

Horretarako, adibidez, besteak beste, entzunaldi-zikloa egiten du urtero TOBERA Musika-eskolak (kontzertuak eta bestelako saioak ere lagungarri dira, noski). Baina harago ere bagoaz: 24/25 ikasturtean instrumentua aukeratzea egokituko zaien ikasleekin berariazko saio monografiko laburrak antolatzen ditugu (musika-tresnen ezagutza-saioak deitzen diegu): saio bakoitzean instrumentu baten azalpenak jasotzen dituzte instrumentu horretako irakaslearen eskutik zuzenean eta musika-instrumentua probatzeko aukera ere izaten dute. Horretan gabiltza ikasleekin oraintxe bertan, Seguran eta Zegaman. Ikasleek behin erabakia argi(ago) dutenean, 24/25 ikasturterako matrikula egin ahalko dute TOBERAn, honako ESTEKAn online.

Edonola ere, TOBERAn irakasten ditugun musika-tresnak bakarrik ez, gainerako instrumentuen gaineko azalpenak ere ematen dizkiegu gure ikasleei, musika-hizkuntzako eskoletan. Hala, musika-aukeren abaniko zabalaz jabetu eta erabaki egokiak autonomiaz hartzea ahalbidetzen diegu.