Ikasturte-bukaerako jaialdiak egingo ditu ekainean TOBERAk, baina ez dira ekaineko ekintza bakarrak izango.
Aurtengo jaialdiak ekainaren 18an Zegamako plazan eta 19an Segurakoan izango dira, 18:30ean hasita. Euria eginez gero, Zegamako patio estalian eta Segurako Botikaxaharrean izango dira. Kalejirak, kontzertua, maila gainditu duten ikasleei Diploma-banaketa, afari-merienda eta beste osagai asko izango dituzte emanaldiek. Zegama eta Segura arteko doako autobus-zerbitzua ere izango dute ikasleek egun horietan, ohiko moduan.
Kontzertuetan perkusio txikiarekin, gorputz-perkusioarekin, abesten… hartuko dute parte musika-hizkuntzako ikasleek, eta instrumentuetakoek “Piratas del Caribe”, “Bella Ciao”, “Non gelditzen den denbora”, Los Zopilotes Txirriaos taldearen “No es Extraño” eta Anne Lukinen “Lisboa” abestiak joko dituzte, beste askoren artean. Dantza ere ez da faltako. Albiste honen behealdean dituzue programak.
Ikasturte-bukaerako jaialdiez gain, esan bezala, ekainak beste hainbat ekintza hartuko ditu: ekainaren 8an Zegamako jaunartzeetan arkua egingo dute ikasleek, 9an Lazkaoko Dantzari Txiki Egunera joango dira Toberako euskal dantzatako ikasleak, San Joan bezperako Zegamako erromerian ariko dira ikasleak, baita Segurako jaietako Zopa-pertzaren igoerako kalejiran ere 25ean, Zeraingo solstizio-ospakizunean 20an, e.a. Horrez guztiaz gain, uztailean eta abuztuan ere zenbait saio eskainiko dira.
- iker -ren bloga
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko