Hasiera

Azaroaren 7an indarrean sartutako Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak musika-eskolek beren jarduerarekin aurrez aurre jarraitzea ahalbidetzen du

SARS-CoV-2ak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko, Eusko Jaurlaritzak dekretua sartu zuen indarrean azaroaren 7an: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2020/11/2004748e.shtml

Dekretu horren eranskinak babestu egiten ditu musika- eta dantza-eskolak, eta posible dute beren jarduerarekin jarraitu ahal izatea, ezarritako segurtasun-protokoloak betez. Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako TOBERA Musika- eta Dantza-eskolan aspalditik ari gara osasun- eta higiene-neurriak zorrotz betetzen. Ekainean, aurreko ikasturtearen bukaeran, aurrez aurre egin genituen balorazio-bilerak familiekin eta ikasleekin. Neurriak “probatzeko” saiakera interesgarria izan zen hura, eta, ikasturte honetan, berriz, hasiera-hasieratik ari gara legearen arabera jokatzen. Distantzia fisikoa, musukoa egoki jantzita eramatea guztiok eta uneoro (ahoa eta sudurra estaliz), eskuak garbitzea eskola-saioen hasieran eta bukaeran, erabilitako espazioen aldiroko desinfekzioa, aretoaren aireztapena eta jende-pilaketak saihestea sartu-irtenetan, dira, funtsean, neurri horiek. Jarduera, ordea, 21:00etan eten beharko dugu derrigor azaroan argitaratutako aipatu lege berriaren arabera.

Ikasturte honetan 3 dokumentu dira ikasleen, familien eta langileen osasuna eta segurtasuna zaintzeko osatu ditugunak musika-eskolan. Ikasturtea hasterako, "COVIDaren aurreko jardunbide orokorrak 2020/2021 ikasturtean" dokumentua diseinatu genuen, eta irailaren hasieran, berriz, "COVID pautak familientzat" dokumentua, jarraibide zehatzekin. Irailaren bukaeran, azkenik, ikaslearen balizko kutsatze batean nola jokatu adierazten duen txostena prestatu genuen Toberan. Guztiak ikasleen eta familien esku jarrita daude. Dokumentu horietan jasotako neurriak bete ahal izateko, esaterako, egoitza lekualdatu behar izan dugu Zegaman eta espazio erabilgarriak handitu edo moldatu behar izan ditugu Seguran eta Zerainen.

Dekretuaren arabera, musika- eta ahots-talde amateurren entsegu kolektiborik ezin da egin, baina musika- eta dantza-eskolen baitan garatzen den hezkuntza-jarduera babestuta geratu da –bakarkakoa nahiz taldekoa– eta egiteko baimenduta dago. Dena den, kultura-erakustaldi amateurrak ezin dira jendaurrean egin, soilik profesionalek eskainitako kontzertuak. Hori dela eta, aurtengo Santa Zeziliaren omenezko kontzertua birtualki egingo dute Tobera Musika-eskolako ikasleek.