TOBERA Musika-eskolako Zuzendaritza-batzordean ordezkari izango diren kideak hautatzeko aukera izango dute laster ikasleek eta familiek. Hain zuzen ere, urtarrilaren 27an, osteguna, izango dute aukera botoa ematera hurbiltzeko, arratsaldeko 18:00ak eta 20:00 bitarte, Zegamako eta Segurako kultura-etxeetan. Zeraingo familien kasuan, urtarrilaren 27ko arratsaldeko 18:00ak baino lehenago, Zeraingo zuzendaritzakideari entregatuta ere egin ahal izango dute, hala egitea kultura-etxeetara joatea baino erosoagoa balitzaie.
Abenduan ekin zitzaion ordezkariak aukeratzeko prozesuari. Aurreneko urratsa hautagaien zerrenda erabakitzea izan zen. Behin hori eginda, behin betiko hautagai guztien taula jaso dute TOBERAko bazkide guztiek berriki. Orain, berriz, zerrendan hautagaiak markatu beharko dituzte eta botoa aurrez aurre entregatu beharko dute. 3 ordezkari aukeratu behar dira Zegamarako eta 2 Segura, Zerain eta Mutiloarako. Botoa emateko jarraibide zehatzak daude erabakita, eta horien berri jaso dute dagoeneko familia eta ikasle guztiek. Beraz, garrantzitsua da erabakita dauden arau sinpleak kontuan hartzea botoa baliozkoa izan dadin.
TOBERA Musika- eta Dantza-eskolako erabaki-organo garrantzitsua da Zuzendaritza-batzordea. Bertan udaletako ordezkariek eta ikasleen ordezkariek hartzen dute parte, eskolako zuzendariarekin batera. Horrek esan nahi du musika-eskolako gai 'potoloenak' lankidetzan adosten direla, erabiltzaileei eurei protagonismoa emanda. Gardentasuna eta partaidetza dira TOBERAren kudeaketaren gakoak.
Beraz... parte hartu guztion artean eraikitzen dugun TOBERAn!
- iker -ren bloga
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko