Hasiera

Ikasturte-bukaerako ekintzak arrakastatsu

Ikusi argazkiak hemen: https://goo.gl/photos/HxnE9V1TrsXSS5PB6

Ekainaren 20an Seguran 60tik gora ikasle elkartuta hasi zen TOBERA Musika-eskola 2015/2016 ikasturtea agurtzen. Ikasturtea emankorra izan da, eta halakoxeak izan dira bukaera-aldeko musika-ekintzak ere.

Segurako jai-egitarauaren barrukoa izan zen 20an Seguran eskainitako emanaldia. Eta San Joan zaindariaren egun handian bertan ere -24an bertan, alegia-, iluntzeko berbena edo dantzaldia ireki zuen musika-eskolako ikasleek osatutako taldeak. Orain arte TOBERAko konbo taldea izandakoa, Patxaran izenarekin aurkeztu zuten iluntzeko 11etan, edari ezagunaren eta patxadan egotearen arteko hitz-jokoarekin. Majo girotu zuten herriko plaza, beren estreinako dantzaldian, eta herrikideen txalo-zaparradak eta animoak ez zituzten faltan izan. Jarrera bikaina agertu zuten musikako ikasle gazteek jendaurrean, agertokia kontrolpean hartuta. Bejondeizuela, seikote!!

22an, berriz, Zegaman egin zuen musika-eskolak ikasturte-bukaerako jaialdia. 18:30ean hasi eta 21:00ak bitarteko saio luzea eskaini zuten 90 musikarik herriko plazan. Festa-kutsua izan zuen goitik behera emanaldiak, eta, afari-meriendarekin bukatu aurretik, errepertorio anitza lantzeko aukera atsegina plazaratu zuen. Tartean, hainbat ikaslek musika-hizkuntzako ziklo-amaierako egiaztagiriak eta 2. nahiz 3. nibel-bukaerako Diplomak eskuratu zituzten. Jabier Otaegi zenaren omenezkoa ere egin zen.

24an, San Joan bezperako suaren inguruan, azkenik, erromeria irudikatu zuten euskal dantzatako eta txistuko ikasleek Zegaman.