Hasiera

Musika-hizkuntza: aurkezpen-bilerak familiei

Zer lantzen da Musika-hizkuntzako eskoletan? …nola transmititzen dira kontzeptuak? …zertan eta nola lagun diezaieket seme-alabei?  Horiek izango dira, akaso, TOBERAn izena eman duten ikasleen zenbait familiak izango dituzten galderak.

Musika-hizkuntza ikastea musika-hezkuntzaren oinarria da. Musika-hizkuntzan ikasten dutenari esker eraikitzen dute gero ikasleek beren abilezia musika-tresna bat jotzen, abesten, taldean interpretatzen, erritmoa eta mugimendua jarraitzen, partitura bat deszifratzen eta sentitzen, konposatzen…

Ikasturtean zehar, hainbat modutara jasotzen dute familiek informazioa TOBERAn hezkuntza-plangintza antolatzeko erari buruz, metodologiari eta landutako edukiei buruz, balorazio-bilerak egiten dira, plan pedagogikoak eskuragarri dituzte...

Halere, seme-alaba musika-hizkuntzan izena emanda duzun gurasoa bazara, eta zalantzaz josita bazaude (horrenbeste izan gabe ere bai), zatoz irakaslearekin hitz egitera! TOBERA Musika-eskolan musika-hizkuntzako irakasle direnek azalduko dizute zuzenean zer eta nola egiten duten lan zuen seme-alabarekin; zer eta nola egingo duten lan 2018/2019 ikasturte honetan zuen seme-alabarekin. Orduantxe galdetu edota proposatu ahal izango diezu, gainera, nahi duzun edozer.

Aurten, aurreneko aldiz, musika-hizkuntzari buruzko azalpenak emateko bilerak egitera goaz ikasturteari martxa hartzen hasita gauden honetan. TOBERAn musika-hizkuntza banatuta dagoen 2 mailetako bakoitzerako aurkezpen-saio bana egitera goaz, bai Seguran eta baita Zegaman ere. Hona hemen data zehatzak:

1. maila:
ZEGAMAn, urriaren 9an (asteartea) arratsaldeko 18:30ean Aitxuri Herri-eskolako musika-hizkuntzako gelan (104. gelan).
SEGURAn, urriaren 11n (osteguna) arratsaldeko 18:30ean kultura-etxeko areto nagusian.

2. maila:
  • ZEGAMAn, urriaren 9an (asteartea) arratsaldeko 19:30ean Aitxuri Herri-eskolako musika-hizkuntzako gelan (104. gelan).
    SEGURAn, urriaren 11n (osteguna) arratsaldeko 19:30ean kultura-etxeko areto nagusian.
Bi bileretan gai berdinak landuko dira, beraz, norberak nahi duen saiora joateko aukera du.