Hasiera

Santa Zezilia aurten ere ospatuko dugu, bai horixe!

Santa Zeziliak ez du pandemiez ulertzen, eta, egoerara egokituta bada ere, musika dakar beste behin Tobera Musika-eskolako ikasleen eskutik.

Musika-hizkuntzako informazio-bilerak aurrez aurre egin genituen urriaren 28an eta 29an, baina, aldiz, Eusko Jaurlaritzaren azaroko dekretuak ez digu utziko Santa Zeziliaren omenezko kontzertua jendaurrean egiten.

Santa Zezilia musikarien zaindaria da, eta azaroaren 22an da bere eguna. Santa Zeziliaren omenezko kontzertua segurtasun-neurri guztiak betez eta horretarako propio protokolo berezia diseinatuta Zegamako parrokian ospatzekoak ginen azaroaren 19an. Baina, azaroaren 7an indarrean sartutako lege berriarekin, ez da posible izango.

Dekretuaren arabera, musika- eta ahots-talde amateurren entsegu kolektiborik ezin da egin, baina musika- eta dantza-eskolen baitan garatzen den hezkuntza-jarduera babestuta geratu da –bakarkakoa nahiz taldekoa– eta egiteko baimenduta dago. Dena den, kultura-erakustaldi amateurrak ezin dira jendaurrean egin, soilik profesionalek eskainitako kontzertuak. Hori dela eta, aurtengo Santa Zeziliaren omenezko kontzertua birtualki egingo dute Tobera Musika-eskolako ikasleek. Ogi gogorrari hagin zorrotza.

Azaroaren 19tik aurrera 14 bideo aireratuko ditugu eskolako sare sozialetan, YouTubeko kanalean eta tobera.org webgunean, pieza bakoitzeko bana. Dance Monkey edota ETS taldearen “Zurekin batera” gaur egungo doinuekin batera, Bizet-en musika klasikoa, garai bateko Tracy Chapman edota Sorotan Bele musikarien abestiak eta betiko kalejira eta euskal abestiak prestatu dituzte gure hainbat ikasle gaztek.

Hemen behean duzue egitaraua.

Aurkezpen-bideoa, berriz, hemen: https://drive.google.com/file/d/1CPBpf0iQAs7P_GWFq6UAj9pNmHQ8qAbj/view

Informazio osagarria: