San Blas egunaren segidan iritsi zaigu Santa Ageda bezpera. Urtero bezala. 2016an, ordea, ostegun gizenarekin bat etorri da gainera Santa Ageda bezpera. Herriz herri koplak kantatzen irtendako abesbatzek ohitura zaharra berritu dute beste behin, eta TOBERA Musika-eskolako ikasleak ere ez dira atzean geratu zeregin horretan.
Hain zuzen ere, Zegamako herritarren abeslari-taldeari batu zaizkio TOBERAko trikitiko eta txistuko ikasleak. Arratsaldeko 18:30ean abiatuta, txistuko 10 ikasle, trikitiko 8 eta panderoko beste horrenbeste arduratu dira, irakasleekin batera, musika jartzeaz. Lehenengoak, txistulariak, abeslariekin batera aritu dira Santa Agedako piezak jotzen; eta bigarrenak, trikiti- eta pandero-taldekoak, geldialdi batetik besterako kalejira girotzen aritu dira.
Iluntzean, Ostatuan amaitu dute guztiek eguna afari-merienda egiten.
- - -
Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.
Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratu deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake egun hontako jarduna.
Mendi tontorrak elurrez zuri,
atai aldean laiotza.
Etxe hontako nagusi jaunak,
urrezkoa du bihotza.
Santa Agedak kendu digu gaur
eskean hasteko lotsa,
dirurik ez bada, berdin zaigu
gizendutako bildotsa.
Zelai erdian loreak argi,
larros, krabelin ta lili.
Etxe hontako etxekoandreak
Ama Birjina dirudi.
Etxe hontako urdaiazpiko
asko, kakotik zintzilik,
ta lukainka gorriak ugari
poltsa betetzeko guri.
- iker -ren bloga
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko