Hasiera

Musika-eskolaren sortzaileetakoa izandako Jabier Otaegi zenari omenaldia egingo dio Zegamak azaroaren 19an

Musika-ekarpen handiak egin zituen Jabier Otaegik. Horietako bat TOBERA Musika-eskola sortzeko emandako laguntza izan zen. Aurtengo maiatzaren 7an utzi gintuen, ordea, eta atsekabez estali zuen horrek herria.

Orain, musikarion zaindari Santa Zeziliaren eguna gertu dela, herri-omenaldia eskainiko zaio. Azaroaren 19an, larunbata, goizeko 11etan hasioko dira elkartzen herritarrak Zegamako plazan, eta 11:30ean kanpai-jotzearekin iragarriko da eguneko ekintzen hasiera. Eguraldiak lagunduz gero, desfilea egingo da herriko kaleetan zehar, hainbat kokagune esanguratsutan geldialdiak eginez Jabier oroitzeko. Pare bat ordu beranduago elizan egingo da amaierako saioa, Jabier zendu zen tokian bertan. Jabierren izaerari erreparatu zaio eguneko egitaraua prestatzerakoan, eta jai-kutsua eman nahi izan zaio egunari. Oroitza-une hunkigarriak egongo badira ere, alaitasuna izango da nagusi. Horregatik, herri-bazkaria egingo da gero, besteak beste. Tiketak Zegamako tabernetan daude salgai.

Musika protagonista izango da eguneko ekitaldietan, nola bestela. Eta TOBERA Musika-eskolako ikasleek eta langileek beren alea jarriko dute horretan. Desfilean txistulariek, trikitilariek eta dantzariek lagunduko dute, eta elizako saioan, baita gainerako musika-tresnetako zenbait ikaslek ere.

Duela hilabeteak hasi zen taldetxo bat eguna prestatzen, musika-eskola bertan zela. Orain, gonbidapena luzatzen dizuegu egun berezi horretan gurekin egon zaitezten.