Hasiera

Andoaingo 12. piano-jaialditik ez gara esku hutsik itzuli; ez horixe!

Otsailaren 4an eta 5ean, Andoaingo Bastero kulturgunea pianoaren erresuma bilakatu zen. Hantxe elkartu ziren 18 urtez azpiko ia 800 piano-ikasle, Tobera Musika-eskolako 11 lagun tartean zirela. Orain arte egindako edizio guztietan hartu izan dute parte Tobera Musika-eskolako ikasleek jaialdi entzutetsu horretan.

2017ko ediziotik ere, dominak eskuratuta itzuli dira ikasle partaide guztiak. Segurako Nahia Urruzolak, Uxue Areizagak, Ekai Azurmendik eta Oier Niñok bakarlari gisa jardun zuten, eta zilarrezko domina eskuratu zuten guztiek. Laia Apaolaza eta Maddi Oiarbide segurarrek 4 eskutara jo zuten, eta zilarrezko domina jantzi zuten hauek ere. Zegamatik joandako Unai Mendizabali eta Andrei Filipi brontzezko domina eman zieten epaimahaikideek, eta Nahia Lizarribarri zilarrezkoa. Irati Goiburuk eta Irati Arizkorretak 4 eskutara jo zuten, eta urrezko domina irabazita itzuli ziren biak Zegamara.

Urduritasunak ez zuen zapuzterik izan ikasleek aurreko asteetan egindako lan gogorra. Merezitako aitortza izan dute guztiek eta Ainhoa Enatarriaga beren irakasleak. Martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran Toberak egingo duen Musikaren Hamabostaldian joko dituzte etxekoen aurrean Andoainerako prestatutako piezak.