Hasiera

2 sarietako 1 eskuratu du TOBERAk Segurako argazki-lehiaketan

'Segurarra naiz eta harro nago' izan da 2019ko argazki-lehiaketaren gaia aurten Seguran. Hamabigarren aldia izan da Segurako Udalak argazki-lehiaketa deitu duena herritarren eta herriko elkarteen artean. TOBERA Musika-eskolak aurreneko aldiz hartu du parte bertan. 2019ko abenduaren 13an egin zen sari-banaketa, eta musika-eskolak aurkeztutako argazkietako batek saria eskuratu zuen. Hain zuzen ere, ekainean Segurako frontoi zaharrean egindako ikasturtearen bukaerako kontzertuan ateratako argazkietako batek bigarren saria irabazi du; "Herri harro, HERRImin HARRObi" izenburua darama lan sarituak. Hala, bi sarietako bat irabazi du musika-eskolak, eta 150 € jaso Segurako alkate Izarra Urdalletaren eskutik.

Diru-sariaz gain, argazki hautatua 2020ko egutegian jarri dute, maiatza ilustratzeko. Egutegi hori Segurako etxe eta elkarte guztietara banatzen du urtero doan Udalak. Poltsikoko eredua ere atera dute, eta bertan ere jarri dute TOBERAren argazkia, lehenengo saria irabazi duen argazkiarekin batera.

Lehenengo saria Joseba Telleriaren argazkiak jaso du. Zorionak berari eta gainerako partaide guztiei, eta baita epaimahaiari ere!

Sari-banaketaren ekitaldia Botikaxahar Kulturgunean egin zen, Segurako euskal disko eta liburu azokaren irekieraren baitan. Abestiak, zozketa eta gaztain-jana izan ziren sari-banaketaren osagarri, eta jende ugari elkartu zen bertara. Musika-eskolako zuzendariak jaso zuen TOBERAri egokitutako saria.