Hasiera

Herri txikiak dinamizatzeko TOBERAren proiektu bat aukeratu du Eusko Jaurlaritzak EAEko 2019ko onenen artean

TOBERA Musika- eta Dantza-eskolak aurtengo martxoan eta apirilean zehar egindako Musikaren Hamabostaldiak 15etik gora ekintza barnebildu zituen bere programazioan. Arrakastatsuak izan ziren horietako gehien-gehienak, zalantzarik gabe. Bertaratutako publiko-kopuruari eta ikasleek erakutsitako mailari erreparatu besterik ez dago horretaz ohartzeko. Izan zen ekintza berritzailerik ere tartean. Orain errekonozimendu instituzionala iritsi zaio Musikaren Hamabostaldiari: Eusko Jaurlaritzak EAEko (Euskal Autonomia Erkidegoko) landa-eremuak dinamizatzeko eta biziberritzeko gizarte-ekitaldi baliagarri modura aukeratu du.

"Herria biziz, herria bizi" izan zuen izenburu Hamabostaldiak. Ez alferrik. Hemen duzue webgune honetan bertan programazio hori iragartzeko argitaratutako albistea: http://www.tobera.org/drup/blog/musikaren-hamabostaldia-herria-biziz-her.... TOBERAk herri txikietan egiten du lan, eta ongi daki herriok bizigarri egitea dela beren etorkizuna bermatzeko biderik aproposena. Hain zuzen ere, herria guk geuk bizita egiten dugu herria bizi-bizi egon dadin; ez dago 'besteen' zain geratzerik. TOBERA Musika-eskolak musikaren bitartez lantzen ditu ongizatea eta kohesioa Seguran, Zerainen, Zegaman eta Mutiloan.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, kontsideratu du ekintza aglutinatzailea izan dela "Musikaren Hamabostaldia. Herria biziz, herria bizi" ekimena. Suspertze kulturala, musikala eta soziala eragin dituela aintzatetsi du, inpaktu ekonomikoa ahaztu gabe (besteak beste). EAEko proiektuei begirako deialdia izan da, eta 2019an egindakoak hartu ditu kontuan. Hautaketa egiteko orduan, egitasmoak ondorengoak bezalakoak bultzatzen ote zituen baloratu dute: kohesioa, identitatea, bizi-kalitatea, ekintzailetza, partaidetza... TOBERAk deialdira aurkeztutako programazioak horiek guztiak betetzen zituela uste izan du Eusko Jaurlaritzak, eta eragin-eremua edo publiko hartzailea eta egindako hedapen-ekintzak edo komunikazio-lana ere kontuan hartu ditu aintzatespen hau ematerako orduan. 100 orriko eskabide-txostena aurkeztu zuen deialdira TOBERAk. Ia 4.000 euroko diru-laguntza jaso du trukean.

Ongi egindako lanak saria du. Eskerrik asko Musikaren Hamabostaldian modu batera edo bestera parte hartu zenuten guztioi. Bejondeizuela! Zorionak, TOBERA!!