Hasiera

Ikasleak grabazio-estudioan izan dira

Bigarren aldia izan dute ikasturte honetan ikasleek grabazio-estudio profesionalean sartzen. Azaroan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen hiru kanta grabatu bazituzten, oraingoan, musika-eskolaren beraren ekimenez, 'Lambada' doinuan oinarritutako moldaketa grabatu dute hainbat ikaslek. Maiatzaren 16a, larunbata, oso osorik eman dute Pottoko Studioan grabatzen. Bateria, baxua, gitarrak, trikitiak, pianoa, txistuak, saxofoia, zeharkako txirulak eta musika-hizkuntzako ikasleak izan dira egunean zehar estudiotik igaro direnak, taldeka zein bakarka. Ikasle-talde bakoitzak berak grabatutakoa entzuteko aukera izan badu ere, azken emaitza, behin betikoa, ekainean ezagutaraziko du TOBERA Musika-eskolak, nahasketak, efektuak eta beharrezko egokitzapenak eginda daudenean.

Luze eman dute TOBERAko ikasleek abestia prestatzen: dela partitura moldatzen, dela letra sortzen. Ongi entseatuta bazeuden ere, urduritasunak eta grabazio-prozesuarekiko ezezagutzak 'ezustekoren' bat eman diote zenbaiti. Giro ona nagusi izan da, ordea, eta, halakoetan, berehala eman diote buelta ikasleek egoerari, eta aise joan zaie estudioan eman duten denbora, egindako lanarekin gustura guztiak.