Hasiera

Maiatzaren 11n, Dantzari Txiki eguna Zegaman

TOBERA Musika-eskolak antolatuta, Dantzari Txiki eguna egingo da Zegaman igande honetan, MAIATZAREN 11n, goizeko 11:30ean hasita.
Parte-hartzaileak Urretxuko Lurra Dantza-taldea, Beasaingo Aurtzaka Dantza-taldea eta Tobera Musika-eskola izango dira.

___________________________________________________

Datorren igandean Dantzari Txiki eguna antolatuko du aurreneko aldiz TOBERA Musika-eskolak Zegaman. Aurretik dantzarien topaketak-eta antolatu izan baditugu ere, hau izango da dantzari txikiaren formatuarekin egingo dugun lehendabiziko ekimena, aspaldiko partez herrian. 150 dantzari eta musikari baino gehiago elkartuko dira igandean Zegaman (TOBERAkoekin batera, Beasaingo Aurtzaka eta Urretxuko Lurra Dantza-taldeak).

Eskolako patio estalian harrera eta hamaiketakoa eginda, 11:30etik aurrera, desfilea hasiko da eskolako trikitilariekin kalejiran. 3 geldialdi egingo dituzte partaideek herrian zehar, eta, gero, eguerdiko ordu batak baino pixka bat lehenago, azken saio nagusiari ekingo zaio udaletxearen aurreko plazan. Bertan, denek batera egindako dantzak, nahiz talde bakoitzak bakarka egindakoak uztartuko dira, ikuskizun betea eskaintzeko.