Hasiera

Oihan Goiak eraman zuen lekukoa Korrikan TOBERAren izenean

Bukatu da aurtengo Korrika. 20. edizioa ia-ia amaitzear zela pasatu zen gure ingurutik. Hala, apirilaren 8an, Korrika Zeraindik igaro zenean, 11 eta 5 urte bitarteko Haitz, Ihintza eta Oihan Goia Elorza anai-arrebak izan ziren TOBERA Musika-eskolaren izenean lekukoa eraman zuten ikasleak eskolak erositako kilometro-zatian. Lekukoa eraman nahi zutela esan zuten ikasleen artean zozketa egin zuen musika-eskolak, eta Oihani egokitu zitzaion zeregin garrantzitsu horretan musika-eskola ordezkatzea. Halere, bere bi anai-arrebak batu zitzaizkion, hirurak ere musika-eskolako ikasleak. Eskerrik asko!

Musika-eskolak euskararen alde egiten duena ez da Korrika bultzatzera mugatzen. Ezta inondik ere. Euskara da musika-eskolaren berezko hizkuntza. Hori da natural zaiguna. Eta hala bizi dugu. Beraz, nahi baduzu, euskaraz ulertuko dugu elkar aurrerantzean ere.