Hasiera

Santa Zezilia, gure zaindaria

Musikarion zaindari Santa Zeziliaren omenezko ekitaldiak bi izango dira aurten TOBERA Musika-eskolan. Batetik, hilaren 18an, asteazkena, Segurako Aldundiaren Aterpetxean jaialdia eskainiko dute 75 ikaslek arratsaldeko 18:30ean. 23 abestirekin prestatutako egitaraua ezagutzeko, albiste honen behealdean duzu aukera. Euskal Herriko Musika-eskolen Elkartean antolatutako 'Musikalean' ekintzaren barruko saioa izango da. Orain arte kontzertu bana eman izan badu ere musika-eskolak Zegaman eta Seguran, aurtengo jaialdia bateratua izango da eta iraupen luzeagokoa. Hainbat abesti ezagun entzuteko modua egongo da, musika-tresna ugariren eskutik.

Bestetik, ostegunean, 19, trikitiko, panderoko eta txistuko ikasleek kalejira egingo dute Mutiloako plazaren inguruan arratsaldeko 18:15 eta 19:00 bitarte. Aurreneko aldia izango da TOBERAk Mutiloan ekintza ofiziala egiten duena. Gero eta ikasle eta familia gehiago dira Mutiloatik partaide TOBERAn, eta horiekiko keinu modura izango da aipatu kalejira. Kultura-astea ospatuko dute Mutiloan aste horretan, eta horko egitarauan sartu da kalejira hau.