Egia biribila da hori: musikak ez dauka mugarik. Hizkuntza unibertsala da; eta, horretaz gain, sekulako ahalmena du pertsonak elkarlotzeko, jendartean integratzeko, autosuperazioa lantzen laguntzeko, talde-lana indartzeko... Guzti-guztiongan du eragin positiboa, baina, akaso, disfuntzio fisikoak edo mentalak dituztenentzako balio gehigarria izan dezake musikak.
Esandako honen erakustaldi praktikoa izango da TOBERAk aurten bideratu duen elkartrukea.
Apirilaren 20an, asteazkena, Zegaman:
Elkartrukea Iruñeko Música Sin Barreras elkartearekin (elkarte honek disfuntzio fisikoak edota burukoak dituztenen integrazioa bideratzen du musikaren bitartez; batez ere Down sindromedun kideak ditu partaideen artean). Iruñeko eta TOBERAko ikasleen kontzertua Zegamako gimnasioan. 19:00.
Apirilaren 27an, asteazkena, Iruñean:
Elkartrukea Iruñeko Música Sin Barreras elkartearekin. Iruñeko eta TOBERAko ikasleen kontzertua Iruñeko Gazteen Etxean. 18:30.
Disfuntzioari buruzko jabekuntza-tailer bana ere egingo da Zegaman eta Seguran Atzegi elkarteko teknikariekin.
Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 2011n Down Sindromearen Mundu-eguna izendatu zuen martxoaren 21a.