Hasiera

TOBERAko ikasleek musika kalera atera dute Santa Zeziliaren omenez. Ikusi argazki-galeria!

Santa Zezilia musikarien zaindariaren eguna asteartean izan arren, egunaren biharamunean goretsi du zaindaria Tobera Musika- eta Dantza-eskolak. Asteazkenean, 23, kalejiratxoa eta kontzertua eskaini dituzte TOBERA Musika- eta Dantza-eskolako Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo ikasleek. Kalejira Segurako plazatik irten da 18:20an, eta kontzertu-aretorainoko bide laburra egin dute trikitilari, pandero-jotzaile eta perkusio-jotzaileek. 18:30ean kontzertua hasi da Botikaxahar aretoan.

Izadi Argaiz eta Ibai Izagirre ikasleak arduratu dira 17 piezatako emanaldia aurkezteaz. Euskaraldiaren aurtengo edizioan, aurrekoan bezalaxe, 'Arigune' ari da izaten Tobera; euskaraz lasai egiteko tokia, alegia. Euskaralditik kanpo ere, halaxe izaten da, euskaraz egiten baitu lan egunerokoan musika-eskolak. Euskaraldiari keinu kontzientea egin nahirik, egitarauan jasotako piezen gehiengoa euskal errepertoriokoa izan da. Tobera partaide den Euskal Herriko Musika-eskolen Elkarteak antolatutako 'Musikalean' ekimenaren barruan kokatu dugu kontzertu hau.

Ikasleen joan-etorria errazteko, doako autobus-zerbitzua jarri du egun horretarako Tobera Musika-eskolak Zegama eta Segura artean. Emanaldia doakoa izan da eta herritar guztiak egon dira bertara gonbidatuta.

HEMENTXE IKUS DITZAKEZU EGUNEKO ZENBAIT ARGAZKI:

https://photos.app.goo.gl/GCxybg4FQwmsLv1P7