Egia biribila da hori: musikak ez dauka mugarik. Hizkuntza unibertsala da; eta, horretaz gain, sekulako ahalmena du pertsonak elkarlotzeko, jendartean integratzeko, autosuperazioa lantzen laguntzeko, talde-lana indartzeko... Guzti-guztiongan du eragin positiboa, baina, akaso, disfuntzio fisikoak edo mentalak dituztenentzako balio gehigarria izan dezake musikak.
Esandako honen erakustaldi praktikoa izango da TOBERAk aurten bideratu duen elkartrukea.
* Apirilaren 20an, asteazkena, Zegaman: Elkartrukea Iruñeko Música Sin Barreras elkartearekin (elkarte honek disfuntzio fisikoak edota burukoak dituztenen integrazioa bideratzen du musikaren bitartez; batez ere Down sindromedun kideak ditu partaideen artean). Iruñeko eta TOBERAko ikasleen kontzertua Zegamako gimnasioan. 19:00.
Apirilaren 20an Zegamako gimnasioan TOBERAko ikasleek 3 pieza eskainiko dituzte Iruñeko lagunei harrera egiteko: Agurra, Non Geratzen Den Denbora eta Mendian Gora. Hiru pieza horiek eta gero, Iruñeko ikasleek jarraituko dute kontzertuarekin, ordubete inguruko emanaldia osatu arte. Amaitutakoan, afari-merienda egitera joango dira partaide guztiak elkarrekin.
* Apirilaren 27an, asteazkena, Iruñean: Elkartrukea Iruñeko Música Sin Barreras elkartearekin. Iruñeko eta TOBERAko ikasleen kontzertua Iruñeko Gazteen Etxean. 18:30. TOBERA Musika-eskolako ikasleek eskainiko duten errepertorioa hemen beheko egitarauan kontsulta dezakezue. Ia 60 kide eramango ditu TOBERAk Iruñera.
- - - -
Música Sin Barreras elkarteak orain arteko TOBERAren trukeetan eman ez diren baldintzak eta ezaugarriak dituenez, aurre-lanketa egin nahi izan du TOBERAk 2016ko esperientzia orain arteko elkartruke-saioak bezain aberasgarria izan dadin gure ikasleentzat, eta, gainera, gure ingurune hurbilean uneotan ezohikoa den Down sindromedunekiko ezagutza, begirunea, identifikazioa eta aitortza izan ditzan balio erantsi modura aurtengoak, balore musikalez gain. Zegamako Aitxuri eta Segurako Laiotz herri-ikastetxeen esku materiala jarri dugu gaia lan dezaten, eta musika-eskolan ere zenbait ikaslerekin jorratu dugu gai bera. Gainera, Zegaman eta Seguran tailer bana eskainiko digu Atzegi elkarteak (beherako dituzue xehetasunak). Prozesuari koherentzia eta osotasuna emateko, azkenik, eta are eta eragingarriagoa izateko ekimena gure ikasleentzat (inklusioaren baloreak lantzeko, parekidetasuna, aniztasuna, e.a.), familiei ere seme-alabak sentibera ditzaten proposatu diegu. Zuk ere, albiste honen irakule zaren horrek, www.tobera.org webgune honetan horretarako zenbait baliabide erabilgarri topatuko dituzu (goiko menu-barrako 'Disfuntzioa lantzeko tresnak' atalean).
Esan bezala, elkartruke-kontzertuei begirako sentsibilizazioa lantzeko, ordubeteko iraupeneko tailer bana egingo da ikasleekin Atzegiko (Adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteko) teknikarien eskutik (edonor joan liteke bertara, ikasleez gain). Hauek dira datak:
* Apirilaren 5ean, asteartea, Zegaman eskolak hartzen dituzten ikasleekin, Zegamako kultura-etxeko Oria aretoan. 17:00.
* Apirilaren 7an, osteguna, Seguran eskolak hartzen dituzten ikasleekin, Segurako kultura-etxeko areto nagusian. 17:00.
- iker -ren bloga
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko