Hasiera

ekintzak

Ikasturte-amaiera: ekainaren 16an Seguran eta 21ean Zegaman

Bai, bai, bai. Badakigu oraindik ikasturtea bukatzeko puska polita falta dela. Baina gu emozionatuta gaude jada ikasturtearen bukaerako kontzertuekin. Pare bat urte dira ez ditugula jaialdi jendetsu modura egiten, eta irrikitan gaude 2022koarekin.

Duela 2 urteko ikasturte-bukaerako kontzertua birtuala izan zen osorik. Iaz, berriz, aurrez aurreko 2 emanaldi egin genituen eta ikus-entzunezkoetan grabatutako ikasleek jotako hainbat doinu argitaratu genituen ekainean eta uztailean zehar.

Musikak hamabostaldia izango du 2022an

Urteak dira TOBERAk Musikaren Hamabostaldia ospatzen duela Aste Santuaren aurreko asteetan zehar. TOBERAren Musikaren Hamabostaldiko 2020ko programazioa etenda utzi zuen COVIDak. Iaz bideotan grabatuta egin genituen ikasleen entzunaldiak. Eta aurten aurrez aurrekora bueltatuko da gure Musikaren Hamabostaldia. Dena den, momentuko egoerara egokituta egingo ditugu ekintzak oraindik ere.

Atxikian duzue egitaraua.

Martxoak zer gozatua ekarriko digu musikari dagokionez. Gorde datak!

Errege Magoak gurean dira, ilusioa lagun

TOBERA Musika-eskolaren eskutik, Zegaman izan ziren aurten beste behin 3 Errege Magoak. 2022an desfile eta guzti sartu ziren herrian Errege Magoak. Iaz, pandemiagatik, geldirik egin zitzaien ongi etorria Erregeei, patio estalian eta aurretiaz txanda hartuta, familia-unitateak elkarren artean nahastu gabe.  Aurten, ordea, Kabalgata ia ohiko eran egiteko modua izan zen.

Santa Zezilia herri-giroan eta jai handia eginda ospatu dugu

Osasunaren zaintza eta musika-jaialdi handia egitea bateragarri izan dira TOBERArentzat. Zegamako gimnasioan ospatu dugu aurten Santa Zezilia, azaroaren 18an, aurrez aurre iaz egiterik izan gabe egon ondoren. Jaialdi jendetsua izan da; ikasleak eta herritarrak gogotsu. 21 pieza eskaini dituzte gure ikasleek, 18:30ean hasitako emanaldian. Eguneko argazkiak ikusi nahi badituzu, sartu hemen:

https://photos.app.goo.gl/QNDHbFEhUBdkUoEc9

Musika zuzenean eta aurrez aurre: zer polita den!

Ekainaren 21ean eta 22an TOBERA Musika- eta Dantza-eskolako ikasleek egindako jendaurreko saioak erakutsi dute zuzeneko musika bezalakorik ez dagoela, ez musikarientzat eurentzat, ez publikoarentzat. Jendeak bikain erantzun die musika-eskolatik egindako deialdiei, eta aforoak erabat bete dira. Segurtasuna zainduta betiere, belaunaldi desberdinetako kideak elkartu dira musika egiteko, Zerainen eta Seguran. Arrakastatsu bietan.

Ikasturte-bukaera ate-joka

Ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Eguna izanik, TOBERAko ikasleek emanaldia eskainiko dute Zerainen 18:30ean, ZerainLab elkartearekin lankidetzan. San Blas ermitaren inguruan izango da; eguraldi txarrarekin, eliza-atarian.

Hurrengo egunean, 22an, Zegamako patio estalian izango da kontzertua, 19:00etan. Covid-19a dela eta, tokia aurrez hartzea ezinbestekoa izango da (doan). Horretarako, deitu Zegamako udaletxera 22a baino lehenago.

Ikusi eta deskargatu 2021eko apirileko entzunaldietako bideoak

 

Koronabirusa koronabirus, badira hutsik egin gabe aurrera ateratzen ari garen ohiko ekintzak ere. Entzunaldiak, ate irekiak eta musika-tresnak bertatik bertara eta aurrez aurre ezagutzeko erakustaldiak egin ditu apirilean zehar TOBERA Musika-eskolak.

Ikasleen entzunaldi-zikloa, aurten bideotan

Udaberriaren atarian 'Musikaren Hamabostaldia' antolatu ohi du Tobera Musika-eskolak. Aurten, bigarren aldiz segidan, COVIDa dela eta, ezinezkoa izan da ohiko formatuan garatu. Musikaren Hamabostaldiaren barruko osagaietako bat irakasgaikako entzunaldiak dira. Entzunaldiak ikasleek bakarka edo talde oso txikitan interpretatzen dituzten abestien emanaldiak dira. Eskoletan lantzen dituzten ariketak familiei eta ikaskideei erakusteko kontzertu txikiak dira, instrumentu bakoitzaren ezaugarriak erakusteko. Aurten ere egin egingo dira entzunaldiak.

"Musika elkarrekin": taldean elkartu, modu informalean, musika jo... eta gozatu! Probatu nahi duzu?

Taldean, modu informalean, presiorik eta konpromiso zailik gabe, lagunartean eta naturaltasunez, zure antzeko kideekin elkartu eta musika jo eta abestuz gozatu nahi al duzu? 'Musika elkarrekin' izena du zuretzat prestatu dugun planak. Sartu albistean eta segi irakurtzen... tentatuko zaitu!

Andoaingo piano-jaialdira bidean dira gure ikasleak

Otsailaren 27ko eta 28ko asteburuan beharko luke izan Andoaingo 16. piano-jaialdiak. Koronabirusak, ordea, dantzan jarrita dauka jaialdia; zalantzan dago egiterik izango ote den ala ez, eta nola, egitekotan.

Dena den, gure ikasleek aspaldi eman zuten izena parte hartzeko, eta hasiak dira harako obrak eta piezak prestatzen. Hain zuzen ere, 9 dira horretan buru-belarri ari diren piano-jotzaile gazteak.

Maia Pérez, Maddi Mardaras, Udane Inza, Noa Otaegi, Adei martínez, Libe Sarasa, Aintzira Zabaleta, Naiara Iraola eta Malen Otaegi. Zuena izango da arrakasta!

Orriak

RSS - ekintzak-rako harpidetza egin