Hasiera

Blogak

Aurtengo Dantzari Txiki Eguneko argazkiak ikusi nahi al dituzu?

Igandean, apirilaren 24an, 200 dantzari eta musikari elkartu zituen TOBERA Musika-eskolak Zegaman ospatutako Dantzari Txiki Egunak. Eguneko antolaketa-plangintza aldatzera behartu bazuen ere eguraldiak, fin aritu ziren Aurtzakako, Azpillako eta TOBERAko kideak. Eskerrik asko guztioi!

Hementxe dituzue eguneko argazkiak ikusgai, oroigarri modura:

Euskal Herriko Trikiti Egunean izan dira TOBERAko ikasleak

Beasainen ospatu da aurten Euskal Herriko trikitilarien jai nagusia, apirilaren 23an, larunbata. Garai bateko ohitura da Euskal Herriko trikitilariak urtean behin elkartzearena, baina, festaren bertsio berrian, ikasleak dira batez ere partaide. Aipatu bertsio berri horretan, Durangon, Bergaran eta Zarautzen egin dira aurreko jaiak, bi urtez behin.
Goizeko 11etan hamaiketakorako elkartu, eta 11:30ean irten ziren trikitilariak herriko kaleetan zehar. TOBERAtik trikiti- eta pandero-ikasleak joatez gain, perkusioko ikasleren bat ere joan zen.

Dantzari Txiki Eguna Zegaman apirilaren 24an

Igande honetan 200 dantzari eta musikari gazte baino gehiago elkartuko dira TOBERA Musika-eskolak Zegaman antolatutako Dantzari Txiki egunean. Euskal dantzak sustatzeko eta herri-giroa suspertzeko jaialdia izango da, herri osoan zehar kalejira eta geldialdiak egingo dituena, goizeko 11tan hasita. Azken saio nagusia plazan bertan izango da, udaletxearen aurrean, eguerdiko ordubatetik aurrera. Dantzari guztiak elkarrekin dantzan ikusteko aukera egongo da orduan.

Segurako Azpilla eta Beasaingo Aurtzaka taldea etorriko dira gurera egun horretan.

Egizu jauzi TOBERAtik ETB1era!

PAUSOKA Entertainment telebistarako saioen produkzio-etxea Go!azen komedia musikalaren atal berriak grabatzera doa ETB 1erako. Telesailak arrakasta handia izan zuen orain arteko denboraldi bakarrean, duela urte dezente. Gerora, errepikapenak eman dira. Telesaila nolakoa zen gogoratzeko, EITB "nahieran" plataforman online ikusteko aukera duzue.

Uda honetan bertan grabatuko dituzte atal berriak, eta NESKA ETA MUTIL GAZTEAK behar dituzte (16-22 urte), KANTATZEN ETA DANTZA EGITEN DAKITENAK.

Musikaren Hamabostaldirako motorrak berotzen

Apirilaren 18tik maiatzaren 1era bitarteko bi asteetan, 15 proposamen tentagarri metatu ditu Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo Tobera Musika-eskolak. Aurrez. Atzegi elkartearen bitartez, 2 tailer eskaini zaizkie ikasleei eta herritarrei. Lehenengoa apirilaren 5ean izan da Zegamako kultura-etxean. Aurreikuspenek gainezka egin, eta kultura-etxeko Oria aretoa ia txiki geratu da bertaratutako 50 lagunak hartzeko.

Zegamako Erlezainen Egunean aritu dira gure ikasleak

Apirilaren 3an, igandez, Erlezainen Eguna ospatu zen Zegaman. Azoka, erakustaldi eta bestelako osagaien artean, omenaldia egin zitzaien zenbait erlezaini. 'Agurra' dantzatu zieten TOBERAko Nora Etxezarreta, Haitz Goia eta Nahia Jimenez dantza-ikasleek, eta txistuko zenbait ikaslek txistularien bandarekin batera jo zuten, bai omenaldian, bai egunean zeharreko kalejiran.

Elkartrukea 2016: musikak ez dauka mugarik

Egia biribila da hori: musikak ez dauka mugarik. Hizkuntza unibertsala da; eta, horretaz gain, sekulako ahalmena du pertsonak elkarlotzeko, jendartean integratzeko, autosuperazioa lantzen laguntzeko, talde-lana indartzeko... Guzti-guztiongan du eragin positiboa, baina, akaso, disfuntzio fisikoak edo mentalak dituztenentzako balio gehigarria izan dezake musikak.
Esandako honen erakustaldi praktikoa izango da TOBERAk aurten bideratu duen elkartrukea.

Apirilaren 20an, asteazkena, Zegaman:
Elkartrukea Iruñeko Música Sin Barreras elkartearekin (elkarte honek disfuntzio fisikoak edota burukoak dituztenen integrazioa bideratzen du musikaren bitartez; batez ere Down sindromedun kideak ditu partaideen artean). Iruñeko eta TOBERAko ikasleen kontzertua Zegamako gimnasioan. 19:00.

Apirilaren 27an, asteazkena, Iruñean:
Elkartrukea Iruñeko Música Sin Barreras elkartearekin. Iruñeko eta TOBERAko ikasleen kontzertua Iruñeko Gazteen Etxean. 18:30.

Disfuntzioari buruzko jabekuntza-tailer bana ere egingo da Zegaman eta Seguran Atzegi elkarteko teknikariekin.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 2011n Down Sindromearen Mundu-eguna izendatu zuen martxoaren 21a.

Musikaren Hamabostaldia 2016

Egitarau benetan betea dugu Aste Santuko oporralditik itzuli ondorenerako. Musikaren Hamabostaldiaren egitarauak askotariko ekintzak izango ditu: entzunaldiak, ate irekiak, irteerak, kontzertuak, trebakuntza-tailerrak, e.a. Gainera, asko izango dira ia egunero-egunero plazaratuko direnak: 17 ekintza edo ekintza-sorta izango dira guztira.

Kriseilu-aireratzea Seguran

Larunbat honetan, martxoaren 12an, ekimen berri bat egingo du Gure Esku Dago herritarren plataformak Seguran. Iluntzeko 20:00etan kriseilu-aireratzea egingo da Erreboten, eta bertara deitu ditu talde antolatzaileak Segurako elkarteak eta herritarrak. Iparra-Hegoa jaiarekin bat etorriko den ekintza izango da.

Orriak

RSS - blogak-rako harpidetza egin