Hasiera

Blogak

Andoaingo 12. piano-jaialditik ez gara esku hutsik itzuli; ez horixe!

Otsailaren 4an eta 5ean, Andoaingo Bastero kulturgunea pianoaren erresuma bilakatu zen. Hantxe elkartu ziren 18 urtez azpiko ia 800 piano-ikasle, Tobera Musika-eskolako 11 lagun tartean zirela. Orain arte egindako edizio guztietan hartu izan dute parte Tobera Musika-eskolako ikasleek jaialdi entzutetsu horretan.

Musikeneko Pedagogia espezialitatearen aurkezpena

 

Euskal Herriko Goi-mailako Musika-ikastegia den Musikenek Pedagogia espezialitatea aurkeztuko du laster. Otsailaren 7an izango da aurkezpen-saio hori, arratsaldeko 17:15ean, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan. Espezialitate horren aurkezpen-saioaren iraupena ordu batekoa izango da, eta gonbidatuta zaudete ikasle eta interesatu guztiok.

Erregeen zamalkada antolatu du TOBERAk Zegaman

Urteroko usadioa da aspaldi honetan. Eta aurten ere ez du hutsik egin hitzorduak. TOBERA Musika-eskolaren eskutik iritsi dira Hiru Errege Magoak Zegamara, opariak partitzera herritarren artean, urtean zehar izan dugun portaeraren eta jarreraren proportzioan. Urteak dira harrera-ospakizuna antolatzea musika-eskolaren ardura dela, eta segizioak txistularien musika izan ohi du lagun, baita aurten ere (ikus argazkian guztiak elkarrekin, elizan egindako amaierako saioan).

Zuzendaritza-batzordea berrituko da abenduaren 20an

Zegamako 3 familia-ordezkari eta Segurako, Zeraingo, Mutiloako eta gainerako herrietako ikasleen beste 2 ordezkatzera doa laster TOBERA Musika-eskola. TOBERA Musika-eskolaren Zuzendaritza-batzordeko kide berriak izendatzeko, hauteskundeetara deitu dira bertako bazkide guztiak. Hauteskundeak abenduaren 20an egingo dira, asteartea, arratsaldeko 18:00 eta 20:00 bitarte Zegamako Jabier Otaegi kultura-etxean eta Segurako kultura-etxean (musika-eskolaren egoitzan), bietan aldi berean.

Orkli kooperatiba TOBERAren laguntzaile. Eskerrik asko!

Orkli berokuntzarako, etxeko ur berorako, ur-beroketarako eta etxetresna elektrikoetarako osagaiak fabrikatzen eta saltzen dituen enpresa da, eta bere egoitza soziala Ordizian dago. Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako TOBERA Musika-eskolak herriotan musikaren arloan egiten duen kultura- eta gizarte-jarduera aintzat hartuta, kooperatibako Kontseilu Sozialak gure ikastegiari diru-laguntza ematea erabaki du beste behin.

Santa Zezilia azaroaren 22an. Kontzertua azaroaren 22an

Santa Zezilia egunez ez du jai hartuko TOBERA Musika-eskolak. Musikarion eguna lanean emango du TOBERAk. Gustura, ordea.

Musika-eskolaren sortzaileetakoa izandako Jabier Otaegi zenari omenaldia egingo dio Zegamak azaroaren 19an

Musika-ekarpen handiak egin zituen Jabier Otaegik. Horietako bat TOBERA Musika-eskola sortzeko emandako laguntza izan zen. Aurtengo maiatzaren 7an utzi gintuen, ordea, eta atsekabez estali zuen horrek herria.

Ikasleak Ormaiztegira

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, erromeria egingo dute Ormaiztegin urriaren 15ean. Jardunaldi hauei Trenak ekarritakoa: soinu txikia izenburua eman diete Zumalakarregi Museokoek, eta tren-zubipean izango da aipatu erromeria arratsaldeko 17:30ean.

Zenbait herritatik gonbidatutako trikitilari-bikoteekin batera, TOBERA Musika-eskolako trikiti-, pandero- eta perkusio-ikasleak arituko dira, Ormaiztegiko Txindata Musika-eskolako tresna berdinetako ikasleekin batera. Gainera, narrazio bat irakurriko da eta sagardoa doan partituko dute.

Irailaren erdialdean Portugalen izan dira txistuko zenbait ikasle

Irailaren 17-18ko asteburuan Portugalen izan dira TOBERAko zenbait txistuko ikasle, idiazabaldarrekin batera. Maila ona eman dute ikasleek eta Idiazabalgo musikari eta dantzariekiko harremana estutzeko balio izan die esperientziak. Giro onean, gainera, Portugaleko zenbait txoko ezagutzeko astia ere hartu dute.

Ikasturtea hasita, asteburu betea!

TOBERA Musika-eskolako txistulariek ostiral honetan –hilaren 16an– Seguran inauguratuko den eskolarako oinezko bidean hartuko dute parte, guraso-elkarteak sustatuta. Egun horretan, 15:30ean, hilerriko bidegurutzera jaitsiko dira Laiotzeko ikasleak ikastetxeko irakasleekin batera, eta bertatik eskolarako bidean joko dute txistuko ikasleek.

Helduen gitarra-taldeak, berriz, 3 abesti eskainiko ditu hurrengo egunean –hilaren 17an– Seguran ospatuko den Goierriko 3. Kantujiran: SARRI SARRI (Kortatu), PRIMADERAKO LILIAK (Benito Lertxundi) eta ZAINDU MAITE DUZUN HORI (Ruper Ordorika).

Orriak

RSS - blogak-rako harpidetza egin